XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Menalcas

Has zaitez, Mopso, lehenena, baldin Phyllisenganako garrik edo Alconen aldeko goresmenik edo Codroren aurkako liskarrik baduzu; has zaitez: Tityrok zainduko ditu antxumeak, bazkatzen diren bitartean.

Mopso

Hori baino gehiago, oraintsu pago baten azal berdean idatzi eta kanturako markatu ditudan aldizkako bertso hauek saiatuko ditut: gero agin iezaiozu Amyntasi lehiatzeko.

Menalcas

Sahats malgua olibondo zurpailari gibelatzen zaion adina, ardi-belar apala purpurazko arrosei adina, horrenbeste gure iritzian gibelatzen zaizu zuri Amyntas.

Baina nahikoa da, mutil; heldu gara haitzulora.

Mopso

Heriotza ankerrez hildako Daphnisengatik egiten zuten negar ninfek (zuek, hurritz eta ibaiak, ninfen lekuko zarete), amak, bere semearen gorpu errukarria besarkatuta, jainkoei eta izar ankerrei hots egiten dien bitartean.

Egun haietan, Daphnis, inork ez zituen abelgorri bazkatuak ibai hotzetara eraman; lauoinekok ez zuen errekarik dastatu, ez zelaiko belarrik ukitu.